XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.- AURKEZPENA

Argitalpen honen helburua Gipuzkoako landare eta animali espezieei hainbat arauditan aitortzen zaizkien katalogazio eta babespen-mailak biltzea da, espezie horiek muga administratiboen inguruan ezer gutxi dakitelarik.

Era berean, aipatutako kategoria bakoitzeko esanahi praktikoaren azalpena ere luzatzen da, Europa mailako arauetatik Gipuzkoakoetaraino.

Hasiera batetan, herrialde hau piriniar eta atlantiko-europar eskualdeetan kokatu behar da, eragin europar eta iberiarrak dituen eskualde konplexu batetan egon arren, ezaugarri europarreko osagai faunistiko eta floristikoak gailentzen direlarik.

Bertan dagoen orografia menditsuak berezko espezieen sorrera erreztu egin du (adibide gisa, hortxe dugu haitzuloetako faunaren barnean ematen den endemismo-kopuru ikaragarria).

Penintsula Iberiarra inguru erdi-isolatua da espezie asko eta askoren banaketari dagokionez, ehundaka edo milaka metrotako horma batek Pirinioak hain zuzen banantzen baitu Europaren gainontzeko lurraldetik.

Europaren gainerako lurraldeko arraza, azpiespezie edo espezieak ez bezalakoak sortu dira hemen moldaera ebolutiboen ondorioz, beste aldean espezie-batasuna handiagoa den bitartean.

Zazpi herrialdek osatzen dute Euskal Herria.

Gipuzkoak, Euskal Herriak penintsulan dituen lau herrialdeetan txikienak 1.977'8 kmampsup2;ekin fauna aniztasun handia izan zezakeen arren, errealitatean ez du hainbesterainokoa zenbait arrazoi direla medio, hala nola, giza-populazioaren dentsitate ikaragarria, ehizaren presioa, hezeguneen lehorketa, hirigintza eta baso-politika, habitaten eraldaketa, nekazaritza-abelazkuntzaren betiko ihardueren atzerakada, e.a,...

Duela urte batzuetatik hona, ezaguera zientifikoak sozialduz doaz, eta bide horri jarraituz, kaleko biztanlegoarengandik gertu ez dauden hainbat xedapen legaletako datuak bildu nahi izan ditugu hemen, euren irakurketa komentatua burutzeaz gain.

Edukinaren inguruan, florari eta ornogabeei emandako babespenaren datu-bilketa ikuspuntu berria suposatzen duela ulertzen dugu.